XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.12. Dantzari taldeak

1919ko jai egitarautik aurrera dantzari taldeak agertzen hasten dira. San Migel eta San Fausto jai egunetan, Ezpatadantzariak plazara irteten dira meza nagusi ostean. Arratsaldean, berriz ere, Makiladantzariak lehenengo eta Ezpatadantzariak jarraian.

Taldeak herrikoak direla irakurtzen dugu eta, beraz, pentsa daiteke Euzko Gaztedi EAJ-PNV-ko gazteen inguruko taldeak zirela, urte batzuk beranduago, 1932an, Benta auzoko jai egitarauan gran Alarde de Espata-dantza por dos grupos de la Juventud Vasca de Basauri agertzen baita.

Urte berean, San Migeleko jaietan, urriaren 9ko arratsaldean Basauriko hamaika taldek eskaini zuten dantzaldia: Alarde de ezpatadantzaris e hilanderas por los once grupos de la Anteiglesia; beraz, urte horietan gero eta dantzari talde gehiago zegoen, gehienak Euzko Gaztedi-ren inguruetan sortuak, erakunde honek Durangaldeko dantzak irakasteari kementsu ekin baitzion.

San Migel eta San Fausto Patroien jaiez gain, Urbi (Ibaizabal eta Nerbioi ibaiek bat egiten duten lekuan eraikitako auzoa) eta Benta-Beaskotxalde (lehenago Arrigorriagako auzoa zena) ere euren jaiak antolatzen hasi ziren. Udal artxiboan aurki ditzakegu bigarren hamarkadan zehar egindako jai egitarauak eta 1930etik aurrera garrantzi handia hartzen dute jai hauek. Auzo horietan dantza zaletasun handia zegoela ikus daiteke.